XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Salmoak

Arpa nola?

Edonork ezagutzen du soka luzeekiko ixtrumentu musika jotzekoa.

Hari sorta bat duzu ondo tenkatua, banaka txukun ipinita, soka bakoitzak bibrazioz eta dardarizoz soinu bana jotzen duelarik.

Soka horiek banaka hatz-punttekin pultsatzen dago artea eta abildadea.

Pultsaketa horri deitzen zioten grekoek psallo aditzarekin.

Arpa tankerako ixtrumentu pultsatzen zenari, berriz, psalterio, pultsatzekoa zen soinua, alegia.

Eta abestuko zen kanta edo bertsoei, psalmos, salmo, juxtu.

Salmoetaz jardutea agindu nizuen aurreko ARANTZAZU alean, eta hara hemen, agindua betetzeko pronto.

Bertsoak - salmoak

Ba ote du zerikusirik batak bestearekin?

Bai, noski.

Bertsoak, abesteko dira, ez da?

Horregatik dauzkagu euskaldunok, adibide baterako, horrenbeste doinu bertsotarako baliozkoak.

Hitz jakin batzuekin, bertso konkretu batzuekin, musika ere lotua eta zehaztua, uztartua gelditzen delako.

Markesaren alaba, esate baterako, nola abestuko dugu Gernikako Arbolaren doinuarekin?

Ba, salmo bakoitzak ere bere doinua omen zuen: ezaguna eta hebraitar guztiek buruz zekitena.

Koadernorik eta kanta-libururik ez zutenean, edo sinagogan proiektorerik ez zenean kantaren hitzak horman isladatzeko, buru-bihotzak eta aparteko memoriak balio zuten, eta salmo bakoitzari egokitutako doinu jakin haretxek.

Memoriak zuen meritua.

David erregea tinpanoa pozaren pozez jotzen

Abesteko, beti

Salmoa abesti eta doinu prexixo bati hain lotua zegoenez, hebraitarrek apenas zekiten kanta haien hitzak soilik, buruz, esaten.

Kantuan bai!

Ez zaizue gertatu, garizumako kalbariotan eta, kantatuz badakizkizuela ongi asko 14 letrak, eta esanez, berriz, ezin akordatu?

Ba, beste horrenbeste zekiten Judeako, Samariako eta Galileako hebraitar haiek ere salmoekin.

Kantuz aise akordatzen ziren salmo luzeenekin ere: hitzak ez nahasteko, batzuk, luzeenak, alfabetoko hizkien zerrendari zerraioten txuxen eta banan-banan.

Abestuz, kanta eginez eta salterioz lagunduz laudatzen zuten Jauna edo zuzentzen zizkioten eskariak eta aieneak Jainkoari.

Ikusgarria omen zen, mila inguru salteriojole, bakoitza bere salterioa eskuetan zuela, han, Jerusalengo jautetxe ederrean soinu gozoak jaulkitzen hasten zireneko hura.

Gozatzekoa!

Gogorik ez zuena ere Jaunarengana berobero ixurita uzten zuena.

150ko bertso-sorta

Baziren gure artean Brabanteko Genoveva-ren bertsoak goitik beheraino zekizkitenak.

Eta beste bertso-sorta asko ere bai.

Ba, pentsatu antzerako zerbait antzinako hebraitarrekin.

Jesus Nazaretekoari zenbat doinu kantatu ote zizkion goxoki bere ama Maria maitagarriak?

Zeinen ahots gozoz, segurutik!

Baina, igoal, ahotsa bera baino gozoagoa, boza izango zen, doinu eta kantaren bide-errebuelten arteko leuna eta barruenetik sortzen zitzaion jaiera debozio berexidun hura... nola esplikatu?

Mendeetako debozioa

Davidenak omen salmo asko.

Bueno, Davidekin batera, Salomon, Asaf, Coré eta beste batzuk ageri dira.

Xenpelar, Iparragirre edo Txirrita, beren bertsoetatik ezagutzen ditugu.

Israeldarrari antzera gertatzen zitzaion bere olerkari antzinakoekin.